Gipuzkoa Nodal Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Misioak 2024 deialdiaren barruko ikerketa proiektu bat da, EHUko CAVIAR ikerketa taldearekin batera egina. Premisa hau du abiapuntu: garraio publikoko sareek, gaur egun, erabat bestelakoa den hiri-errealitate bati egin behar diote aurre.
Proiektuak Gipuzkoako mugikortasun sarea birpentsatzeko tresnak diseinatu ditu (kontzeptualak zein teknikoak), egungo azpiegiturak eta epe laburrera proiektatutakoak kontuan hartuta, ikuspegi intermodal batetik.
Horretarako, nodo kontzeptuaren gainean egituratzen den tresna kontzeptual bat garatu da: gure ustez, lurraldea nodo multzo gisa ulertzea beharrezkoa da, garraioa publikoa efizientea izan dadin eta lurraldea orekatzeko gaitasuna izan dezan. Tresna kontzeptual horretatik abiatuta, hiri- eta lurralde-mailako biki digital bati aplikatutako algoritmo bat diseinatu da, aldagaien arteko modelizazioetan eta zenbakizko erlazioetan oinarrituta, honako hauek detektatuko dituena:
lurraldean dauden zentralitateak edo nodoak,
lurraldean sor litezkeen zentralitateak edo nodoak,
nodo horien atributuak, eta
horiek hierarkizatzen lagunduko duen taxonomia.
Proiektuari esker, harreman sare bat eratu da hainbat eragilerekin, hala nola Oiartzungo Udala, Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatua, City Science Lab Gipuzkoa, Gipuzkoako Garraio Agintaritza, Jarrett Walker+Associates edo Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa (UPC).


