15-45

Ez dago izena jartzea baino ekintza poetiko zailagorik, irakurri genion Bernardo Atxagari Edward Lear parafraseatuz. Gertutasunaren hiriaren kontzeptua, esaterako, ez da kontzeptu berria: mendeak daramatzagu haiek egiten eta hamarkadak haiei buruz teorizatzen. Baina izenarekin asmatzea garrantzitsua da eta badirudi Carlos Moreno zientzialariak, Parisko alkate Anne Hidalgoren aholkulariak, bete-betean asmatu zuela: 15 minutuko hiria.

Ville de proximité, gertuko hiria, 15 minutuko hiria. Alegia, funtsezko funtzio urbanoak gertu izatea ahalbideratzen duen hiria, oinez joanda 15 minutuko erradioan. Historikoki, Euskal Herriko hiri eta herriak ez dira eredu honetatik urrun egon, nahiz eta hori ere aldatzen ari den gurean.

Gure bizitzak, hala ere, ezin dira 15 minutuko erradiora mugatu. Marina Garcés filosofoak maiz aipatzen du «distantziarekin kontraesankorra ez den beste eskala bateko auzotasunaren» ideia, eta horrek, singularrean baino, pluralean pentsatzera garamatza: 15 minutuko hiriek, sare banatu batean, lurralde polizentriko bat osa dezakete. Kataluniako arkitekto eta ingeniari talde bat ausartu zen izena jartzera: 45 minutuko lurraldea.

Bi kronokontzeptu hauek ezbaian jartzen dute lurraldea lantzeko erabili izan den neurri nagusia, distantzia alegia, denboraren garrantzia azpimarratuz. Baina denborak beste hainbat gai ere zeharkatzen ditu, elkar baldintzatuz.

15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak proiektua euskal lurraldearen esplorazio ariketa bat da, iturri ezberdinetatik hartutako datuetan oinarrituta. Lurraldea ulertzeko beharrezkoak diren hainbat gai ukitzen ditu –orografiatik eta paisaiatik hasita lan produktibora eta lotura globaletara–, gero eta eskurago ditugun datu geografiko digitalak erabiliz horretarako.

_

Lan hau 2021eko CAF-Elhuyar sorkuntza-bekaren laguntzarekin egin da

 
/site/assets/files/1891/edificios-1.jpg